Euskal eta erdal hiztunak etxeko tipologiaren arabera

Grafiko dinamiko honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bi urtetik gorako elebidunak eta elebakar erdaldunak kokatu ditugu, etxean bizi direnen hizkuntza soslaiaren arabera. Etxeak hiru motakoak izan daitezke, biztanleen soslaiaren arabera: denak elebakarrak diren etxeak (etxe erdaldunak), denak elebidunak diren etxeak (etxe euskaldunak), eta elebakar zein elebidunak elkarrekin bizi diren etxeak (etxe mistoak). Globoek hiztunak errepresentatzen dituzte, etxe mota bakoitzean. Sinplifikatzearren, hiztunetatik at utzi ditugu elebidun hartzaileak. Alabaina etxe mistoak definitzeko kontuan hartu ditugu: elebidunak elebidun hartzaileekin bizi diren etxeak mistotzat hartu ditugu; baina elebakarrak elebidun hartzaileekin bizi diren etxeak etxe erdalduntzat hartu ditugu.

Ezkerreko ardatzak, talde bakoitzak bere hizkuntza soslaikoen artean duen portzentajea adierazen du. Beheko ardatzak talde bakoitzak populazioaren artean duen portzentajea. Borobilen tamainak talde bakoitzaren tamaina absolutua adierazten du.

Denboraren marran Play sakatuz gero, hamabost urteko bilakaera ikusi ahal da.

Ondorioak argiak dira: batetik, gero eta euskaldun gehiago dago, baina gero eta nahasiago bizi dira erdaldunen artean, hazkundearen ondorioz. Bestetik, etxe elebakar erdaldunetan bizi den jendea, gero eta gutxiago da. Seinale ona, baina erronka handia erabilera sustatzeko.

Datuak EUSTATen lanetatik jaso eta landuta daude.