Eu | Es | En
Nor  Ikerketa  Taldea
  • Nov 9, 2012
  • nortalde
  • Erantzunak desaktibatuta daude Euskara bizi sarreran
  • Artikuluak
  • 3371 Views

6 urte ago
Euskara bizi

Aldarrikapena, gogoa, ilusioa, partehartzea, hizkuntza, herria, batasuna eta elkarlana dira hitz bakarrarekin osatutako definizioak.

Talde dinamika berean, kolore bat balitz zein litzatekeen galdetuta hona proposamenak: gorria eta berdea nagusi.

Nor ikusi nahiko zenuke bertan itaundu eta erantzunak ugaritu egin dira. Guztiak, edonor eta euskaldunak zein euskaldunak ez direnak aipatzeaz gain, Barcina, Obama eta Ban Ki-moon edota Lehendakaria ere zerrendatu dituzte tailerreko partaideek.

Zein izan da langaia? Euskararen aldeko lasterketa eta festa erraldoia : Korrika.

korrika-18-logoa

Gaur bertan aurkeztu dute prentsaurrekoan 2013ko udaberrian ospatuko den Korrikaren 18. edizioa. Martxoaren 14an Andoainen abiatu eta martxoaren 24an Baionan amaituko den edizio honetako leloa “Eman euskara elkarri” izango da eta aurtengo omendua, berriz, euskara ikaslea.

Ideia horiek kontatzeko milaka istorio artikulatu daitezke. Horien xerkan aritu ginen urriaren 30ean Bilbon burutu zen Tranxmedia jardunaldian. Arratsalde osoan, Korrika gai modura hartuta, berrogehi bat lagun aritu ziren Korrika istorio bilakatu eta horien garapena nola egin aztertzen. Transmedia ikuspegi batetik gainera, alegia, medio desberdinak egituratuz jendearen partehartzea eta elkareragina integratzeko asmoarekin burututako diseinua.

Tailerrean mahaigaineratu ziren kontakizun posibleen artean ugari izan ziren istorio konpartituetan oinarritutakoak. Bideo, argazki eta hitzezko mezuen bidez Korrikaren istorioak biltzea eta zabaltzea zen askoren asmoa. Jokoak proposatu zituztenak ere ez dira gutxi: hitz-kateak, amaierarik gabeko ipuinak edota lehia puntua zituzten herri desberdinetako taldeen arteko apustuak.

Halaber, Korrika medio eta plataforma askotara zabaltzeko nahia zegoen proposatutako ideien artean. Teknologia berrien aukerak aprobetxatuta, Korrika fisikoaz gain birtuala ere izan dadin. Horretarako, webgunea, tablet eta mugikorretarako aplikazioak, sare sozialak eta QR kodeak ziren aukeretako batzuk.

Tranxmedia jardunaldiak aurten Korrika jarri du ikusmiran. Eta, sormenaren eta elkarlanaren abiapuntuan baldin bagaude ere, itxura guztia du, ibilbide oparoa izango duela 18. edizio honetan.

tranxmedia-jardunaldia-argazkia

Ez da Korrika transmediatasuna garatu nahi duen lehen ekitaldia, aipatu dugun jardunaldian bertan, goizeko saioan, Tishna Mollak hainbat adibide plazaratu zituen. Gai honetako aholkularitza eskaintzen duen Power to the Pixel enpresakoa da Tishna eta Bilbon zerrendatu zituen proiektuen artean daude, besteak, beste: Star Wreck: in the pirkinning, Iron sky, I am playr edota Gaza Sderot. Kasu horietan, plataforma askotan bideratutako kontakizunen sekulako garrantzia ematen diote jendearen inplikazioari, kontakizunaren bizipenari eta elkareraginari. Hemen duzue jardunaldiaren kontakizuna.

Korrikak horretan, transmediatasunaren bidean, asko du egina. Gutxi izango dira, jendearen parte hartzea eta euskararen jaiaren diskurtsoa hain modu konpartituan eraikitzen duten jaialdiak. Baina, are oparoagoa du etorkizuna.

Bide horretan ari gara dagoeneko, EITB, Tabakalera eta EHUko Nor Ikerketa Taldekoak, AEKrekin elkarlanean.

Tranxmedia jardunaldiko tailerra lehen pausua izan zen eta emango ditugu gehiago. Hurbilenekoa Durangoko Azokan bertan, datorren abenduaren 6an, Kabia espazioan. Hortik aurrera… bertan bildu nahi dugun guztion artean emango ditugunak.

Comments are closed.