Komunikabideak estrategikoak dira

Aurkeztu berri den V. Inkesta Soziolinguistikotik datu batek, bederen, kezka handia sortu du: EAEko euskaldunen artean gero eta txikiagoa da etxean euskara erabiltzen dutenen proportzioa, gaur egun %51 izanik. Kezka orokorrago baten barruan kokatzen da hau, eta honela laburbil liteke: azken hogei urtean euskararen ezagutzak %40 gora egin du, baina erabilerak %4 baino ez du egin. Desoreka handia da, eta ondo aztertu beharra dago.

Hasteko, beste datu batzuek oso bestelako joerak erakusten dizkigute: Inkesta bera hartuz, eremu formaleko erabilerak (administrazioan, esaterako) nabarmen gora egin du hogei urtean; eta etxean bertan ere seme-alabekiko erabilerak gora egin du. Inkestatik at, eskolan gero eta ume gehiagok eta Unibertsitatean gero eta ikasle gehiagok euskaraz ikasten dutela badakigu. Beraz, edo erabilerak oso joera kontraesanezkoak ditu, edo zerbait ez dugu behar bezala interpretatzen. Nik bigarren hipotesia hartuko dut.

Euskararen erabilera neurtzeko erreferente nagusiak Kale Erabileraren Neurketa eta Inkesta Soziolinguistikoa dira. Bietan neurtzen dira soziologian harreman primario eta bigarrendar izenekoetan gertatzen diren elkarrekintzak —lehenak hurkoekin ditugunak dira, bigarrenak rolek definitutako pertsonekikoak—: etxean, lagunartean, medikuarenean, eta abarretan; labur esanda, pertsona arteko harremanak behatzen dira, gehienetan aurrez aurre gertatuak eta batzuetan (gero eta gehiago) tresna teknologikoen bitartez gauzatuak (sakelakoa, sarea, eta abar). Alabaina, gure gizartean gero eta presentzia handiagoa dute harreman hirugarrendarrek eta are laugarrendarrek ere. Hirugarrendarrak interesatzen zaizkit hemen: erakunde bati gutuna igortzen diogunean, edota komunikabideetatik informazioa zein publizitatea jasotzen dugunean gertatzen direnak dira. Gauza jakina da hirugarren mailako harreman horietan ere osatzen dela komunitatea—komunitate handi guztiak—, eta, noski, hizkuntzaren erabilera bat dago bertan. Areago, zenbait kasutan, harreman hirugarrendar horiek hurkoekiko harremanen ordezko simulatu gisa jokatzen dute, eta indar afektiboa hartu.

Beraz, euskararen erabilera modu egokian neurtu nahi badugu, ezin ditugu bazter batera utzi hirugarren mailako harreman horietan gertatzen diren elkarrekintzak. Horrek zera eskatzen du: erabilera kontzeptua berrikustea, eta pertsona arteko komunikaziokoaz gain erakundeekiko eta komunikabideekiko erabilera ere integratu beharra neurketetan. Eta arlo horretan oso gutxi ikertu da hemen.

Beste nonbait bai, ikertu da, eta munduko telebistaren joerak aztertzen duten zenbait ikerlarik «espazio geolinguistikoak» kontzeptua proposatu dute, planetan zehar sakabanatuta dauden etorkin eta diasporak satelite bidezko —eta sareko— telebistaren bidez nola lotzen diren eta komunitatea nola osatzen duten erakusteko. Horrela, hizkuntzak definitzen du komunikazio espazioa, ez lurraldeak, eta —adibidez— bost kontinentetan sakabanatuta dauden hamarnaka milioi txinarrek topo egiten dute txinerazko telebista erabiltzean, hirugarren mailako harreman horien bitartez; hizkuntza-komunitatea, horrela, Txinatik kanpora indartuz.

Gaur egungo euskaldunak, gero eta gehiago, munduan sakabanatuta bizi diren txinarren antzekoak gara: lurralde txikian baina erdararen unibertsoan sakabanatuta bizi gara gu. Eskola sistemari esker, ama hizkuntza erdera zuten gero eta pertsona gehiago euskaldundu dira, eta horrek ekarri du gune erdaldunetan euskaldunen presentzia nabarmen handitzea. Baina, aldi berean, zera ekarri du: euskaldunen ehuneko handi bat erdaldunen artean bizitzea. Gaurko euskalduna ez da familia euskaldun batean eta herri euskaldun batean bizi dena; gehienak familia misto eta gune erdaldunetan bizi gara. Duela hogei urte hamar euskaldunetik sei bizi ziren denak euskaldunak ziren etxeetan; gaur egun ordea lau dira horrelako etxeetan, eta gainerakoak euskaldun pasibo edota erdaldunekin bizi dira. Beraz, nolatan egingo du gora etxeko euskararen erabilerak —betiere ehunekoez ari garelarik—? Era berean, euskaldunen erdiak euskaldunen tasa %40tik behera duten herrietan bizi dira. Hemen Txillardegi zenak erakutsitakoa gogoratu behar dugu: taldeko mintzaideen artean erdaldun bakarra egoteak nabarmen urritzen ditu euskaraz egiteko aukerak.

Hortxe kokatzen da, hain zuzen, komunikabideen garrantzi estrategikoa. Datu urriak ditugun arren, duela urte batzuk eginiko Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran ikerlan oparoak zera erakutsi zuen: euskaldunek euskarazko komunikabideak erabili egiten dituztela: erdiak baino gehiagok egunero ikusten du euskarazko telebista —gutxi, itxura denez, eta ez hura bakarrik, baina ikusi—; irratiarekin antzera; eta astero irakurtzen du euskarazko egunkari, aldizkari, edo antzekorik. Sektoreak eman berri dituen datuen arabera, euskaldunen erdiak baino gehiagok (450.000) kontsumitzen ditu, modu batera edo bestera, euskarazko komunikabideak. Datuak, bistan da, itxaropentsuak dira, kontuan izanik euskara zein txikia den komunikabideen eremuan.

Beraz, ezagutzaren arloan egin diren aurrerapen handiei segida emateko eta eskolak euskalduntzen dituen horiek euskararen komunitatean integratzeko, estrategikoak dira komunikabideak. Euskaldun sakabanatuak euskarazko komunikazio espazioan sartzeko bide eraginkorrak eta, horren ondorioz, erabilera areagotzeko tresna paregabeak; baldin eta erabilera kontzeptua orain baino modu zabalagoan ulertzen badugu. Komunikabideek Txillardegik zorrotz aztertutako oztopoa —elebakar erdaldunen presentzia— gainditzen dutelako.

Horrela ikusirik, pentsatu egin beharko da zer zentzu duen euskararen normalizaziorako eskolan egin den esfortzu erraldoiak, baldin eta azken urratsa egiten ez bada. Eta azken urrats hori —euskaldunberrien integrazioa, azken batean— komunikabideen eskutik etor daiteke neurri handi batean; areago —oso garrantzitsua, krisi garai honetan— horrenbesteko esfortzurik gabe. Hortaz, euskarazko komunikabideei duten garrantzi estrategikoa aintzat hartu, eta eskola sisteman bezala itun bidezko komunikabideen sistema bat diseinatzen hasi beharko litzateke, non komunikabide publiko eta pribatuez gain, beren eginkizun sozial bazterrezina eta eskolaren osagarritasuna bermatuko dituzten komunikabideak tajuz eratuko diren.

Josu Amezaga

Berrian argitaratua, 2012ko martxoaren 17an