Eu | Es | En
Nor  Ikerketa  Taldea

Taldeak honako ikerketa-ildo hauetan egiten du lan:

  • Europako hizkuntza gutxituak eta telebista

Europako hizkuntza gutxituetako komunitate gehienek garrantzi handia eman diote telebistari, beren hizkuntzen birsorkuntzarako tresna gisa. Halabaina ez dago behar bezala zehaztuta medio honek hizkuntza horien dinamikan zein rol duen. Ikerketa konparatuek lagundu egin ahal dute rol hori aztertzen.

Bestetik, globalizazio garaiotan eta migrazio mugimenduen ondorioz gure kontinentean sortzen ari diren errealitate linguistiko berriek telebista eta hizkuntza gutxituen arteko beste dimentsio bat erakusten dute: Europan zehar barreiatuta dauden milioika migrariek eta haiei zuzendutako telebista emanaldiez ari gara.

Bi errealitate horiek (Regional Minority Languages eta Immigrant Minority Languages gisa ezagututako hizkuntzak eta haien telebistak) zer duten antzeko eta zer ezberdin ikertzen dihardugu.

Azkenik, digitalizazioak beste aldagai garrantzitsu batzuk ekarri ditu arlo honetan: medioen konbergentzia, interaktibitatea, eskaintzaren ugaltzea eta abar, planteamendu berrietara eraman behar gaituzten eragileak dira, baldin eta orain arte “telebista” deitu dugun medio horren eta hizkuntzen arteko harremana ulertu nahi badugu.

  • Euskal Herriko ikus-entzunezkoen egitura eta tokiko telebistak

Euskal Herrira etorrita, ikus-entzunezkoen industria eremu aldakorra da. Urteak daramatzagu eremu hori aztertzen, eta aurrera begira gertatzen ari diren aldaketen berri ere jasotzeko asmoa dugu.

Aldaketa horietako bat, azken urteetan gertatutakoa, tokiko telebisten arauketa eta zabalkundea izan da. Batetik, telebista horien “tokiko” izendapenaren atzean zer dagoen arakatzea da gure asmoa. Bestetik arlo honetako arauketa digitalizazioarekin bat etorri da, hots, medioen eskaintzaren aldaketa sakon baten erdian. Horrela, jakiteke dago tokiko telebisten izaera bera nondik nora joango den etorkizun hurbilean.

  • Komunikabideak eta talde nortasunak

Globalizazio garaian talde nortasunak ez dira desagertzen ari, eraldatzen baizik. Horien eraikuntzaren eta komunikabideen arteko loturak aztertzen ari gara aspalditxotik. Azterketa honen jomugan ditugu, batetik, Europako nazio nortasun zaharrak, bereziki euskal nortasuna. Bestetik, jendarte gero eta konlexuagoan birsortzen diren talde nortasunak, bestetik. Honek kulturaniztasunaren auzira ere garamatza, gero eta gehiago.

Ildo honen ikerkuntzarako, maila teorikoko gogoetez gain (bereziki irakaskuntza iharduerekin lotzen direnak), kasu ikerketak ditugu aztergai, hala nola kirola eta zinema nazio nortasunaren eraikuntzarako bide gisa.

Argitalpenak ››